2010/01/20

>IRITZIA: Olatz Berasategi>KONTROLA; HEZIKETA

Berria, 2009-03-07 # Olatz Berastegi - Sexologoa. Pornografia, indarkeria, bortxaketak, geroz eta gehiago entzuten ditugun hitzak dira. Azkenaldian, horrelako hitzekin lotzen dugu sexualitatea. Ez al da susmagarria sexualitatea beti egoera negatiboekin lotzea? Gaurkoan ere, lege proposamena dela edo ez dela, hori ekarriko dut gogora. Sexualitatea pertsona guztiok dugun ezaugarri bat da. Guztiok, emakume eta gizon izanik, gure gorputza bizitzeko eta sentitzeko era daukagu. Horrela, sexualitateaz hitz egiteak sexualitateak -pluralean- aldarrikatzera eraman beharko gintuzke: zenbat pertsona, hainbat errealitate. Gure gorputza gurekin daramagu jaiotzetik hil arte, eta etengabe harekin harremana eraikitzen ari gara; hori bai, ezin dugu ahaztu gure bizitzan baditugula memento zailagoak; garai jakinetan, gure gorputzarekiko harremana osasuntsu eraikitzeko, besteen babesa behar dugu, haurtzaroan eta nerabezaroan, adibidez. Haurrak eta gazteak babestu behar ditugu helduok. Haien bizipenak ulertzeko, barneratzeko, norberaren identitatea osatzeko... euskarriak eman behar dizkiegu. Horretan, beraz, bat nator lege proposamenaren oinarriarekin, hau da, haurrak eta gazteak babestu behar dira, indarkeriarik jasan ez dezaten. Baina hori ez gertatzeko zer-nolako bideak hartu behar diren aztertu beharko genuke. Horregatik, legeak planteatzen duenaren aurrean, hausnartzeko puntu batzuk nabarmenduko nituzke: 1. Legea aplikatzeko gertaera bat aztertuko da, baina nork aztertuko du? Nori dagokio norberaren bizipena aztertzea? Norberaren errealitatearen azterketa egitea norberari dagokio. Besteok, kanpotik begiratzen dugunok, errealitate hori analiza dezakegu, datuak aztertu, baina inola ere ez interpretazio bat eman. Noski, norberari bere errealitatea interpretatzen laguntzeko euskarriak eman diezazkiokegu. Hori bai, besteen errealitatea aztertzeak errespetuzko jarrera eta askatasunean oinarritutako begirada eskatzen dituela ahaztu gabe. 2. Legean aipatutako jarrerak ikusten ditugunean, gure helburua zein da? Epaitzea edo pertsonari hezten laguntzea? Pertsonei hezten lagundu nahi badiegu, bide zuzenena heziketa dela esango nuke, heziketa integralaren bidea. Gaur egungo heziketa sexuala aztertu beharko genuke, hezkuntzan ze tarte eskaintzen zaion, zer-nolako interbentzioak egiten diren, zein adinetan eskaintzen den... Gaur egungo hezkuntzan, esaterako, zer garrantzi dauka gorputzak? Hezkuntza sistemak zein euskarri eskaintzen dizkigu gure jarrerak ulertzeko, geure burua hezteko? 3. Aipatutako egoerak ekiditeko, zer erantzun eraiki nahi ditugu gizartean? Epaiketan oinarritutako interbentzioa? Ez al diogu geure buruari galdetu behar zer gertatzen ari den horrelako egoerak suertatzeko? Indarkeriari aurre egiteko gure sexualitatea kontrolpean eduki behar al da? 4. Sexu harremanak arautzeaz ari garenean, zertaz ari gara? Besarkadak, laztanak, sexu harreman gisa hartzen dira? Horiek arautzeak babesa ematen du? Edo beldurra sortzen du? 5. Horren guztiaren atzean norbaitek planteatzen al du haur edo gazteek zergatik dituzten sexu harremanak? 6. Helduak eta haurrak besarkatzen, musukatzen, masajeak ematen ikusten ditugunean zerbait lizuna egiten ari direla pentsatu behar al dugu? Pertsonen arteko sexu harremanak errespetuan oinarrituta eraikitzeko, hezkuntza da jorratu beharreko bidea. Legean aipatzen diren egoerak epaitzeko hainbat neurri hartu beharko dira, eta horretarako dirua beharko da. Zergatik ezin dugu diru hori osasun hezkuntza eraginkorra eraikitzen erabili? Hori bai, hezkuntza sexuala eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da gaurko eredua aldatzea. Hau da, gaur egun heziketa sexuala egiten dela esaten da, baina hori oso puntuala da. Heziketa sexuala interbentzio puntualetara mugatzen da, eta askotan praktika sexual batzuen ondorioak ekiditera bideratzen da. Hezkuntza sexual eraginkorrak geure burua ezagutzera bultzatzen gaitu, neska eta mutil izatea ulertzeko euskarriak eskaintzen dizkigu. Horrez gain, elkar ulertzera, elkarrekin bizitzera eta elkarrekin eraikitzera eramaten gaitu. Heziketa horrek kontuan hartzen ditu haurrak -pertsonak-: haien desioak, beharrak, eta norberaren berezitasunak. Beraz, azterketa bat egingo bagenu, ez da zaila konturatzea, oraindik ere, lan asko egiteke dugula. Ekin diezaiogun lanari, baina ezin dugu ahaztu indarkeria eta bortxaketak ekiditeko ez dugula sexualitatea kontrolpean jarri behar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario