2010/01/20

BAKARKAKO SEXU JOLASA

Zorionez, sexu gozamena ez da zertan beste neska edo mutil batekin lortu, nork bere buruarekin ere plazer ederra izan dezake eta. Masturabazioaz ari gara, noski, edo idiarena edo kanpaia jotzeaz… Adituen esanetan, masturbazioa onuragarria da. Ondorengo lerrootanjakingo duzue zergatik.


Eskuz edo behatzez ferekatu, laztantxo batzuk han eta hemen, gora eta behera, poliki-poliki, azkarrago orain, badator, badator… eta hau gozamena! Ez dago zalantza izpirik ere: gizon-emakume gehienak masturbatu egiten dira. Gizakion bizitzaren hainbat arlotan bezalaxe, hamaika inkesta dugu sexuari buruz, eta masturbazioa aztergai dutenak ere ez ditugu falta. Duela zenbait urte estatistika etxe batek jasotako datuen arabera, gizonezkoen %79 eta emakumezkoen %41 masturbatu dira noizbait. Ohi bezala, hala ere, badira bestelako datuak. Sexualitatea aztergai duen Kinsey txosten ezagunaren esanetan, adibidez, askoz gehiago dira inoiz bakarkako sexu jolasetan ibilitakoak: gizonen %90 eta emakumeen %60.

Inkesta hauen arabera, gizonarekin alderatuta, emakumea gutxiago masturbatzen da. Datuok, ordea, tentu handiz irakurri behar dira. Izan ere, urte luzez emakumeari sexu gozamena ukatu zaio. Beraz, errepresio horren ondorioz, zenbait emakume ez dira sekula masturbatu, baina badira, dena dela, egin arren, errepresio horrexegatik hain zuzen, honelako inkestetan isiltzen direnak ere.

Adin guztietako gizon-emakumeak masturbatzen dira. Dena den, gaztetxoek, sexua ezagutzen hasi direlako, eta bikotekidirik gabekoek gehiago egiten dute. Diotena diotela, masturbazioa ez da bikotekide faltarekin lotu behar, bikotekidea duten askok eta askok ere sexu jolas honetara jotzen baitute tarteka.
 
Abantailak
  Ildo honetatik, sexologoen iritzia kontuan behar dugu. Sexologoek diotenez, masturbazioa onuragarria da. Batetik, plazerra ematen du… eta nork esan du gozatzea txarra dela? Bigarrenik, beste pertsona batzuekin sexu harreman hobeak izaten laguntzen du. Sexologoen esanetan, nork bere gorputza ondo ezagutzea, zer atsegin duen jakitea oso lagungarria izan ohi da bestelako sexu harremanetan, bai norberaren gozamenerako, baita bikotekidearen gozamenerako ere. Hirugarrenik, antsietatea gutxitu eta lasaitu egiten du. Zenbaitek diotenez, esaterako, loak hartu ezinaren aurkako botika ona izan daiteke. Laugarrenik, gizonezkoek, sexu nahi handiaren ondorioz, barrabiletan izaten duten mina arintzen du. Era berean, emakumeek, masturbazioari esker, hilerokoak eragindako mina arin dezakete. Azkenik, autoestimurako ere lagungarria izan ohi da.

Masturbazioa osasuntsua da. Dena dela, berez, arazo ez den arren, bestelako arazo batzuen estalkia izan daiteke. Soilik buruhausteek sortutako ezinegona apaltzeko eta lasaiago egoteko erabiltzen denean, adibidez. Beldurraren ondorioa ere izan daiteke, beste pertsona batzuekin sexu harremanak izateko ziurtasun ezaren ondorioa, alegia. Zenbaiti, bestalde, idiarena egitea txarra dela esan diete behin eta berriro eta beraz, masturbatzen direnean erruduna izateko ideia gailentzen zaie. Dena den, argi dago masturbazioak ez duela inongo gaitz fisikorik eragiten, ez itsumena, ezta ahuldaderik ere…

Zenbat alditan egin behar da? Hori galdera zaila. Inkestak inkesta, sexologo gehienen esanetan, norberak ikusi behar du, hau da, ez dago kopuru jakin bat jartzerik. Izan ere, denok ez dugu sexu nahi edo premia bera. Hortaz, erantzuna zure esku utziko dugu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario